Urgoiti jauregia , Gallo edota Adán de Yarza izenekin ere ezaguna, Miguel Vélez de Larrea jaunak eraiki zuen XVII. mendearen amaieran.

Arratia eta Zornotzarako bideak gailentzen zituen Galdakaoko jatorrizko kokaguneak jauregia Bizkaiko gertaera esanguratsuen lekuko bihurtu zuen. Honen ildotik, izen handiko bisitariak erakarri zituen jauregiak, erregaia eta Isabel II. erreginaren arerioa izandako Carlos de Borbon jauna, esaterako. Honek behin baino gehiagotan eman zuen gaua jauregian.
Vélez de Larrearen maiorazgoa garrantzitsua izanik, are garrantzitsuagoa zen Jacinta Adán de Yarza andrearena, zeinarekin ezkondu zen.

Vélez de Larreak, behin Adán de Yarza abizena bereganatuta, Lekeitioko Zubieta jauregiaren eraikiera bultzatu zuen. Aipatutako bi adibide barroko hauek, Bizkaiko jauregigintzako eredurik bikainenak dira zalantzarik gabe.
Sona handiko Adán de Yarza asko bizi ziren jauregiotan edota ondorengo dorreetan, Rodrigo Adán de Yarza, esaterako. Rodrigoren izena 1338. urtez geroztik Bizkaiko fueroen alkate azaldu zen.

Behe Erdi Aroan familia honetako kideek Banderizoen borroketan “Señores Mayores” delako parte hartu zuten “Oñacinos” taldean.
Bitxikerien artean, aipatzekoa ere bada hurrengoa. 1342. urtean, Bizkaiko alkateen artean, Pedro Adán de Yarza saiatu zen lehenengo foruak indarrean jartzen erregearen aurrean, Gernikako arbola lekuko.

Denboraren poderioz, 1877ko apirileko Batzar Nagusian, Mario Adán de Yarza leku berean egokitu zen Bizkaiko Diputatu Nagusi, eta fueroak indargabetzeari uko egin zion. Nolanahi ere, azkenean, 1877. urtean bertan fueroak indargabetu ziren eta Bizkaiko Aldundi Nagusia deuseztu zen. Aipatzekoak ere badira erregeari eskainitako askotariko zerbitzuak. Izan ere, Rodrigo Adán de Yarza 1487tik Errege Katolikoen idazkaria izanik, Ogasuna, Indiak eta Errege-bilkura erakundeen presidentea izan zen. Azken honek Granada eta Sevillako konkistan parte hartu zuen, baita Donostiako defentsan ere. Rodrigo bera Bizkaia, Gipuzkoa, Asturias eta Galizian kostako Almirantea eta Kapitain Jenerala izan zen Portugaleraino.

Bestalde, Adán de Yarza abizena hartu zuen Antonio Navarro de Larreategi (1554-1624) erregearen idazkari lanetan ere ibili zen. Honekin batera, Simancako errege-artxibo eta Filiberto Manuel de Saboya printzearen idazkaria izan zen; baita Logroño hiriaren alkatea, Arcos Jauna eta, bere aurreko guztien moduan, Lekeitioko Nagusia ere.

Ezin dugu Carlos Adán de Yarza (1812-1863) ahaztu. Politikari liberala eta foruzalea, Bilboko alkatea eta Bizkaiko Diputatu Nagusia izan zen. Bai Bilbon, bai Zubieta jauregian zuhaitzak landatzen gogotsu aritu zen Carlos. Azken honen semea, Mario Adán de Yarza (1846-1920), Bizkaiko Diputatu Nagusia eta botanikazale amorratua izan zen, aitaren moduan. Lehenengo, Zubieta jauregiko lorategietan eta, jarraian, Urgoiti jauregiko etxaldean proba egin ostean; berari esker Radiata de Monterrey edota Insignis pinuaren ustiapena zabaldu zen. Pinuari “urre berdea” esan zioten Bizkaian; urteetako neurririk gabeko lur-ustiapena izan ondoren, Bizkaiko mendien baso-berritze eta lurraren ondasuna eragin zuen eta.
Beraz,

hiru mende igaro ondoren, Zubieta eta Urgoiti jauregietako jabetza familia berak edukitzea, ezohikoa izatearren, deigarria da. 1968. urtean, desjabetu ondoren, Urgoiti jauregia bota zuten Bilbao-Behobia autopista eraikitzeko. Honen ondorioz, Jose Maria Solano Gil-Delgado Adán de Yarza jaunak (1927-1998), jauregiaren jabeak, erabaki zuen jauregia harriz harri desegitea eta haiei zenbaki bana jartzea, harik eta 2004-2005 urte bitartean jauregia egungo kokagunean (Bilbo-Mungia) berreraiki zen arte.
1983. urteko uholdeek harriak mugitu zituzten eta geroztik, goi-mailako arkeologia teknikek lagunduta, katalogazio prozesu luzea hasi zen harrion jatorrizko lekua aurkitu arte.
Berreraikitze prozesu eredugarri honetan material nobleak baino ez dira erabiltzen jauregia zaharberritzeko, eta jatorrizko itxura eta garaiari kasu egin zaio. Izan ere, gaur egun jauregi-arkitektura esparruan Urgoiti jauregia den harribitxia goza dezakezu.